lunes, 19 de marzo de 2012

Lanean murgilduta buru belarri!

Aste honetan, sarrerako izenburuan jarri dugun legez gabiltza, gure teknografia egiteko prozesuan murgilduta. Bestelako teknografiak kuxkuxeatzen, ideiak hartzen, musika eta irudiak bilatzen, movie maker programa arakatzen... Nahiko lasai aritu gara lanean, hau egin, bestea ukitu etab.
Orokorrean oraindik gure martxa hartu nahian ibili gara. Hala ere, gaurkoan pixkanaka gure proiektu honen bidea apurtxo bat gehiago ezagutzen dugunaren sentsazioarekin gaude. Izan ere, lan asko dugu aurretik eta egia esan horrek beldurtzen gaituen arren, badakigu zer egin behar dugun eta beraz, gure bide luzean helmuga non dagoen aurkitu eta ikusi dugula esan dezakegu. Beharbada, edo ziur aski hobeto esateko, bide honek, bide-zidor eta oztopo ugari izango ditu, desesperatu eta estresatu ere egingo gara, baina merezi izango du guztiak.
Bestalde, lan honekin gure barruak arakatzen hasi gara eta horrekin batera milaka sentimendu mugitzen. Mila momentu eta oroitzapen gogorarazten ari gara. Sentimendu multzo izugarria.

Gaur, estrupus ere egin dugu musika txertatzen eta kentzen nahaste ugari ibili ditugulako besteak beste, baina gure burua erronka berriei aurre egiten ikusteak motibatu ere egiten gaitu. Honela ba, edozein egoeretatik ikasi dezakegula ohartzen gara.

"Ibili , erori eta altxatzearen oinarrizko legea
Ikastearen dema ala dema bera irakaspen , ber gauza dira"




Joan den asteko sarrerari begiradatxo bat bota diogunean irribarrea atera zaigu. Amildegian behera salto egingo genuela jarri genuen eta oraindik halaxe sentitzen garen arren, amildegi horren altuera, sakonera, baxua dela ikusten dugulako gaur. Hau da, garapen bat egon dela ohartu garela alegia, eta genituen beldur horiek apurka uxatzen ari garela eta uxa genitzakela sentitzen dugula, lortuko dugula. Eta horrek motibatu egten gaitu, proiektu honen bide honetan pausu bakoitza gogor egiteko. Bidea gurea da eta oinatzak guk egingo ditugu, gaizki edo ondo, baina markatuta lagako ditugu bidean zehar.


Hitzak: bide-zidorrak, oroitzapenak

martes, 13 de marzo de 2012

Asteleheneko saioa eta gure gaia!

Egia esan, astelehenean bertan egin genuen sarrera bat. Eta bertan kontatu genuen prezi-a arakatzen ibili ginela eta beronekin gure lehenengo aurkezpena sortu genuela, besteak beste.

Hala ere, saioa bukatu aurretik gure lan espezifikoa zein izango den jakin genuen; teknografia!
Aitortu behar baldin badugu, ez genekien zer zen ere, eta Alaitzek eman zizkigun azalpen eta adibideei esker apurka zeozeren pistak hartzen joan ginen, gure eginbeharra zein izango den argitu genuen arte. Helburua edo oinarria, gure ikasle-irakasle rolak eta egoerak aztertzea da, bizitzako etapak. Hau da, momentu batean gu geu arakatzen jarri behar gara eta gure sentimendu, oroitzapen, pentsamendu eta bizipenetara bidaiatxoa egin. Eta orain erreflexionatzen jarrita, hau egitea ez da batere erreza... Norbera arakatzea, teknologia berriak arakatzea baino gauza zailagoa dela ere pentsatzera heldu gara momentu batean, imajinatu!
Hala ere, gogoz hartu dugu erronka berria. Izan ere, ez da hor geratzen gure lana. Programa berri batekin aritu behar gara lanean gero, movie maker deritzona. Eta honetaz baliatuz, gure bizipen horiek azalerazi beharko ditugu bideo txikitxo baten bitartez. Beraz, lan potoloa daukagu aurretik.
Ezin ukatu ikara, estresa eta estutasuna nabari direla gure aurpegi eta barruetan, baina, emaitza ere polita izan daitekeela uste dugu eta beraz, gogotsu ekingo diogu lanari.
Adibide gisa ikusi ditugun lanek goian jarri digute listoia, benetan lan potoloak izan baitira guztiak. Pertsonalki erronka bat izango dela sentitzen dugun arren, benetan haziko gaituen proiektu baten aurrean gaudela sentitzen dugu. Geure barnea arakatueta analizatzeko balioko diguna, eta sentimentu aldetik zirarra eta kilika ugari sortuko dizkiguna.
Honela ba, ikara, estres, poz, erronka, eta milaka sentimendu gazi-gozoren aurrean aurkitzen gara momentu honetan. Pozik eta beldurtuta era berean. Hala ere, abenturarako prest, beti legez.

 Gurutzatu atzamarrak, begiak itxi eta bagoaz amildegian behera!


Hitzak: beldurra, erronka



lunes, 12 de marzo de 2012

Beldurrak kanporatu!

Gaurkoan prezi arakatzen aritu gara klasean. Eta milaka buelta eta buruhausteren ondoren azaltzen dizuegun aurkezpen txikia sortu dugu.
Berton, gure sentsazioa adierazi gura dugu guretzat berria den mundu honen aurrean sentitu duguna eta pentsatu duguna kanporatzeko. Horixe ba, zuei eskaintzeko eta guztiok konpartitzeko. Beraz, nahiz eta aurkezpena luzea ez izan, ea zer deritzozuen!

*Azkenean bideo txiki bat sartu dugu. Bertan, beldurrak kanporatzearen errepresentazioa egiten da. Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko egindakoa denez, eta pasaden ostegunean emakumeen eguna izan zenez, aprobetxatu egin gura dugu emakumeari ere aipamena egiteko.
Egunero martxoaren 8a izan dadila!

sábado, 10 de marzo de 2012

lunes, 5 de marzo de 2012

Bostgarren klasea!

Gaurkoan ere, klase orduak eskuetattik eskapo egin digu trasteatzen eta kuxkuxeatzen.
Halaere, orduak guztiz produktiboak iruditu zaizkigu. Izan ere, blog-a albo batera laga eta kreatibitatea lantzen duten beste bi programa ezagutu ditugu.
Bata, eduglogster; posterrak, irudiak... eraikitzeko aukera eskaintzen dizun programa. Bertan, irudiak, argazkiak, bideoak, testuak txertatzeko kuadro desberdinak...daude eskuragarri. Berauek txerta genitzake adibidez, gure poster bat eraikitzeko. Beste leku batzuetatik ere hartu genitzake gure irudi, bideo, argazki... propioak berton txertatzeko, beraz, joko ugari egin ditzakegu beronekin. Adibidez, gelako kideen posterra sortzeko, edo gai baten aurretik egoten den azalpen lamina egoki bat sortzeko aukera ezin hobea eskaintzen digu programa honek. Izan ere, esan bezala, irakasle izango garen heinean gure geletan baliabidea bide gisa erabil genezake, eta honela irudimena, sormena eta kreatibitatea lantzea ahalbidetu. Bai geurea eta baita txikiena ere.
Eta bigarren programa, prezi; aurkezpen dinamikoagoak egiteko aukera eskaintzen digun programa da berau. Power Point-aren sistema edo helburu berdina dauka, baina, honek joku gehiago ematen duela eta askoz ere erakargarriagoa dela iruditu zaigu. Gainera, formatu eta erabilera aldetik erraza da. Adibidez, bideoak, argazkiak edota eskemak (hau da, aurkezpenetan gehien erabiltzen diren baliabideak) txertatzea oso erraza delako, dinamikoa. Ikasle garen aldetik, aurkezpenak egiteko baliabide berri eta ezin hobe batekin topo egin dugula uste dugu. Eta gerora begira, asko erabiliko dugun zerbait izan daitekeela ere hausnartu dugu, bai gure proiektuak aurkezteko, txikiekin lan desberdinak egiteko, beste irakasle edo gurasoei zerbait azaltzeko...oso erabilgarria dela deritzogulako.
Hona hemen guk sortutako lehenengo kartela!
Oraindik hobetzeko gauza ugari izango ditugun arren, zapata berriekin dagoen haur baten legez sentitzen gara!
Ea zuen gustokoa den...



Honela ba, gaurko saio guretzat erabat baliagarria eta aberasgarria izan dela iruditu zaigu. Txoko desberdin ugari deskubritzen eta arakatzen aritu gara eta egunero pixkanaka zerbait gehiago ikasten.
Ikasten-ikasten beti gure adimena zabaltzen!


Hitzak: baliabideak, sormena

viernes, 2 de marzo de 2012

Aldaketa eta IKTak!

Gizartea etengabe aldatzen ari da, eta gu gizakiok, aldaketa prozesu horretara atxikitu behar gara. Honi jarraiki, zer esanik ez dago azken urteotan teknologia berriek gure inguruan, gizartean, eta munduan orrokorrean daukaten garrantzia eta pisua ikaragarria dela. Honela ba, gu geu ere mundu honetan murgiltzea ezinbestekoa dela deritzogu.
Hezkuntza munduan ere, geroz eta nabariagoa da teknologia berrien eragina, izan ere, praktiketan egunerokotasunean ikusi ahal izan dugu hori. Honen ondorioz, irakasle izango garen heinean gu geu ere teknologia berrien mundu horretan murgiltzea beharrezkoa zaigu, trebatu egin behar gara, analfabeto teknologikoak bilakatu nahi ez baldin badugu bederen. Gure ustez, irakasleok etengabe ikasten eta gure formakuntza sendotzen egon behar gara, aurrerapen eta aldaketen aurrean egokitu egin behar gara, beraiekin batera eraldatze prozesu batean murgilduz. Beti ere, gure jakintza handitzeko eta ahalik eta ondoen erantzun ahal izateko gizarte eta hezkuntzan sor daitezkeen beharrizanei. Eta hau kontuan izanda, ezin albo batera laga kontu honetan IKTak duten pisua eta garrantzia egungo munduan.
Honegatik, ikasgai honek horretarako eskaintzen digun aukera baloratu behar dugu.
Teknofiloak egitea beharbada ez dugu lortuko baina, teknofobia gainditzera bederen helduko al gara...



Eta honen harira, ondorengo galderaren erantzuna:

- Zein probetxu atera geniezaioke blog-ari Haur Hezkuntzan?
Blog-a komunikaziorako zubi gisa erabili dezakegula uste dugu. Baliabide bat gehiago izango litzateke. Bai beste blog batzuetako irakasleekin, ikasleekin, gurasoekin (...) harremantzeko; behar dugun informazioa aurkitzeko edota gurea eta besteena trukatzeko; ideiak, ezagutzak, iritziak etab. adierazteko edo jasotzeko...

Porrotari beldurra gainditu!

Joan den eguneko klasean orokorrean talde guztietan azaldu zitzaigun arazo eta beldurretariko bat izan zen porrota. Bai, porrotari beldurra diogu, eta halaxe azalerazi genuen ikaratuta gaude, larrituta akatsak egiteko, egindako hori probetxugarri ez izateko, edo ezertarako balio ez izateko...izan ere, teknologia berrien mundu honek erabat izuturik gauzka.

Hala ere, ez dugu ulertzen zertara datorren beldur hori. Hemen esperimentatzeko gaude, eta akatsak egiteko bai horixe. Enei, zenbat akats egin ote ditugun guk bitzan zehar... baina kontu horrek ez gaitu kezkatu behar garai honetan! Aurrerago aipatu bezala ikasten ikasten da, eta sarritan ikasteko modu bakarra egitea da; eta honen parte litzateke akatsak egitea, izan ere, nola ikasten dugu ba? Akatsak eginda lagunak. Honegatik, eta irakasleak izango garelako,beldur horiek gainditu beharra daukagu. Akatsak egin behar ditugu eta asko gainera. Eta ez hori bakarrik, izan ere, akats horietatik ikasiko dugu. Pixkanaka-pixkanaka aurre egingo dugulako, inor ez da jakinda jaio, beraz sarrera honetan; ANIMO eta MOTIBAZIO printzatxoak bidaltzen ditugu guztiontzako.Egitzazue akatsak, sartu dezagun hanka behin eta berriro, egin dezagun eta berregin, urez beteta eta lokatzez zikinduta dagoen putzura salto egin dezagun (zikintzea baino gauza hoberik ez dagoelako!) zergatik ez? Ikas dezagun bidea eginez, txarto eginez, berreraikiz...

                "Saiatzen bazara porrot egin dezakezu, baina, saiatu ezean jada porrot egin duzu"