martes, 28 de febrero de 2012

CONFUCIO

"Kontatu zidaten eta ahaztu nuen; ikusi nuen eta gogoratu; elkarrekin egin genuen eta ulertu eta ikasi nuen" 


 Zer da konstruktibismoa? Norberak bere ezagutzak eraikitzea.

Konstruktibismoak norberaren esperientzia du oinarri gisa. Bizipena, manipulazioa, elkarreragina. Azken finean haurrak sentitu eta bizi dezakeen horri ematen dio garrantzia.  Bere aurre-ezagutzetatik abiatuta, eta esperiantzian oinarrituta banakoak berak egiten du ikaskuntza eta garapenaren bidea eta honela ikasten duen hori  gehien eta hobekien gogoratuko duena izango da.
Baina gainera egin behar duen bide horretan ingurukoen elkarreragina badu berarentzat are garrantzitsuagoa bihurtuko da prozesu oro. Elkarlanean aritzeak norberaren ahalmen potentziala sustantzen du beste hainbat baloreren artean. Bakoitzak beraren zatitxo bat jartzen du besteen esku eta beste hainbeste zatitxo jaso. Honela, bata bestearengandik ikasten ikasten dute, elkarrekin lanean aritzen, errespetatzen, baloratzen...elkarbizitzen! 
Haurrarentzat konstruktibismoa beraien ezagutzak eraikitzeko eta garatzeko erarik onena dela deritzogu eta honen adierazle nagusi da goiko Confuncio filosofoaren esaldia.






Oparia!

Lagun berri bat ere egin genuen lehengo egunean, Frederick sagutxoa.








Ze jakintsua den gure Federiko poeta!

Aste honetako saioa

Gaurko klasea hitz batekin definitu behar izango bagenu, aberatsa hitza aukeratuko genuke. Izan ere, halaxe sentitu gara, gustora, elkarreraginean eta giro ezin hobean.

Beste saioekin alderatuta, gaurkoa guztiz desberdina izan da gure arteko hartu emanak sendotzen ibili garelako. Bakoitzak orain arte ikasi duena edo egin duena adierazteko aukera izan du, eta baita teknologia berrien mundu honetan izan dituen oztopo, larritasun, krisi, estres, desesperazio etabarrak azaltzeko ere. Barruak hustu egin ditugu eta gustora geratu gara gainera. Izan ere, ordenagailuetan egoten den giro hotz hori epeltzea lortu dugu saio honetan. Batek hitz egiten zuenean guztiok adi egon gara, berak gurekin konpartitzeko zuen hori entzuteko irrikaz eta gogoz egongo bagina legez. Eta gure ustez, konfidantza eta askatasun giroa sortu dugu.

Gure ikasketa prozesuaren gora beherak ere aztertu ditugu, zer egiten ari garen, zertarako... Izan ere, batzuetan galdera bat baino gehiago izaten ditugu, eta egia esan, mundu hau ia guztiontzat berria denez, galduta edo beldurtuta gaudenaren sentimendu hori azaleratzeko aukera ere izan dugu. Azken finean, guztiekin konpartitzean barruan genuen frustazio hori kanporatuko bagenu bezala.


Azkenean, ikastea da gure helburu nagusia eta horixe egiten ari gara. Bai profesionalki eta baita pertsonalki ere, bata bestearekin lotuta bait doaz, elkarri eskutik helduta. Eta ikaste prozesu hori ez da batere erreza, izan ere, bide luzea da helmugarik gabekoa eta baita bide zidor eta gurutze askokoa ere. Honela ba, oztopoak ere aurkituko ditugu, bai noski. Baina, baita berauek gainditu ere. Batzuetan bakarrik egingo diegu aurre, eta besteetan inguruan izango dugun jendeak lagunduko digu. Eta hori da benetako plazerra! 

"Ikasten ikasten ari garelako..."



Hitzak: kanporaketa, elkartrukatu

jueves, 23 de febrero de 2012

Hirugarren saioa

Egia esan hirugarren saioan bizi-bizi ibili gara. Izan ere, gadget, widget
html-Javascrip, interfaz...etabarren artean igeri ibili gara. Igeri itsasoan noraezean dabilen belauntza bat legez, nora jo ez dakiela. Hala ere, gelako beste lagunen laguntzaz apurka zalantzak argitzen joan gara, eta momentu larrietan bultzadatxoak jasoaz, kostatuta baina lortu dugu lehorrera iristea. 

Gure talde txikiaren aurkepena egiteko eta gure sentimendu, burutazio edota adierazi nahi dugun hori adierazteko,orrialde berri bi sortu ditugu blogean. 
Gero, kuxkuxeatzen jarraitu dugu, hau jarri bestea jarri eta pixkanaka erlojua, lekeitioko webcam-a, eguraldiaren pronostikoa, eta Kuxkux gure maskota blogaren zati egin dira. 
Honela ba, apurka-apurka bloga kolorea eta forma hartzen ari da eta gu geu ere asko ikasten. Hala ere, artikulua egin ostean jabetu gara, oraindik duda asko ditugula eta beraz, are gauza gehiagotan trebatu behar garela, asko ikasi beharra dugula alegia. 
Beraz, patxadaz hartu ditugu gauzak. Izan ere, gaurko saioan jasotako informazioak gure burmuineko CPUa kolapsatu egin du, eta momentu askotan estu eta larri ibili gara, estresak jotzeko puntuan.




Hala ere, gauza guztiak legez, erronka berriei aurre ere egin diegula ikusteak satisfazioz bate gaitu eta gaur pozik gaude egindako lan guztiarekin. 
Honela ba, sentimendu gaziak eta gozoak saio honetakoak.
Eta bloga badoa aurrera.
Datorren egingo dugunaren eta ikasiko dugunaren zai gelditzen gara gaur!

Hitzak: gogoa, saturazioa

lunes, 20 de febrero de 2012

Nola jaitsi bideoak youtubetik?

Gaur gelan blogetako bazter oro nahasten genbiltzala, ondorengo duda sortu zaigu:

-Nola jaitsi ditzakegu bideoak youtubetik?

Honela ba, programa baten berri bagenuen arren, galdera horri erantzuna bilatzeko bideari ekin diogu. Informazio, orrialde eta pista desberdinei jarraitu ondoren azkenean, zeozer lortu dugu!
Beraz, gure txoko honetan konpartitu dugu zuekin.

Hemen usten dizkizueguYoutube-tik ordenagailura bideoak bajatzeko tutoriala eta programa.

Ondorengo linketik programa bajatu dezakezue.
http://atube-catcher.uptodown.com/

domingo, 19 de febrero de 2012

Manuel Arearen artikuluaren inguruan mintzatzen




"Introducción a la tecnología educativa" liburuaren lehenengo bi gaien lana

Artikuluaren mamia

Teknologia berriak gure gizartean errotu dira beraien onura eta kalteekin.
Geroz eta globalagoa den mundu honetan, teknologiek paper garrantzitsua betetzen dute, non ezinbestekotzat ere jo ditzakeegun. Argi dago, gizartea etengabeko eraldaketa prozesuan barneratuta dagoela, eta beraz, geu ere moldaketa horren parte egin behar garela. Honela ba ezin ukatu teknologia berriek hezkuntzan paper garrantzitsua izan behar dutela, beraz, teknologia berrien mundu honetara egokitzen den hezkuntza eskaintza zabaldu beharra dugu. Izan ere, hau egin ezean teknologia berrien alorrean analfabetoak izatera joko dugu, eta beraz, ez gara gizartearen eraldaketa prozesuaren parte izango nolabait esateko. Honegatik, ikasleak ikasten ikasi beharko du, informazioaei aurre egiten jakin beharko du, eta informazio horiek sailkatzen eta antolatzen, teknologia berriekin lan egiteko prestatuko da, kontzientzia hartuz, kritikoa izanez... Gizartearen etengabeko eraldaketaren parte izan eta honekin batera bertara (bizi den ingurura) moldatuaz.

Esaldia
Gaur egun teknologia berriak gure gizartearen, kulturaren, egunerokotasunaren... parte garrantzitsua dira. Horregatik, ezinbestekoa deritzogu teknologia berriak hezkuntzaren zati  izatea. Gizartea etengabe eraldatzen ari da eta beraz, geu ere berarekin batera aldaketa berriei zabalik egon behar gara.
“El desafío que aportan las nuevas tecnologías es que siempre estamos en transición".

Hausnarketa
Teknologia berriak bizitza errazteko balio dutela esango genuke, nahiz eta askotan arazoak ere ekartzen dizkiguten. Ezin uka dezakegu teknologiaren onurak asko direla. Eta berauetatik hainbat probetxu atera genezakeela. Baina, alor guztietan legez, teknologia etengabe eraldatzen ari da: aplikazio berriak, tresna berriak, gadget berriak...sortzen dira. Honela ba, honek zera eskatzen digu; geu ere aldaketa horren aurrean, etengabeko eraldaketa prozesuan izatea.
Egun, bai, mobila, argazki kamera digitala, emaila, portatila eta facebook bezalako hainbat elementu gure bizitzaren parte egin dira, eta beraz, berauek ez izatea beste mundu baten bazeunde bezala egotea da. Izan ere, informazio edota komunikazio iturri nagusi bilakatu direla argi ikus genezake: lagunekin komunikatuta egoteko, lan egiteko edota berau aurkitzeko, edozein informazio iturri kontsultatzeko...
Guzti honegatik teknologiak egun ezinbesteko bihurtu direla esan genezake.

Eskolan teknologia berriak tresna baliagarriak dira, prozesu konstrutibista bultzatzeko egokiak direlako besteak beste. Uste dugu irakasleak ondo prestatuta egon behar duela, bai teknologia berrien atal honi dagokionez eta baita irakaste metodoi dagokienez ere. Honela ba, hezkuntza ere gizartearekin batera etengabeko moldaketa prozesuan egon beharko litzatekeela uste dugu. Eta honi jarraiki teknologia berriek hezkuntzan izan behar duten papera ere ezinbestekoa dela uste dugu garai hauetan.

Hirugarren mundua deritzogunarekin konparatuta, garapenaren aldea geroz eta nabarmenagoa da zoritxarrez. Eta zer esanik ez teknologia berrien mundo honi dagokionez, izan ere, berauek izateko eta garatzeko diru kantitate izugarriak behar dira. Eta han, garrantzia eta urgentzia gehiago duten beste beharrizan batzuk ere oraindik asetzeko daudenez, garapenaren arlo honi erreparatuz, beraien eta gure artean oraindik dauden aldeak handiagotuz joango direla uste dugu.





                                                Bost hitz gako:

Globalizazioa
Teknologia
Desberdintasunak
Kontrola
Aldaketa




Galderak

- Nola indartu dezakegu irakasle baten prestakuntza teknologia berrien alorrean?

- Nola txertatu ditzakegu irakasle eta ikasleentzat teknologia berriak era erakargarri batean?

Gure beharren zerrenda

Teknologia berrien mundu hau guretzat ere erabat harrotza da. Honegatik, apurka-apurka trebatzen joan beharra dugu. Irakasgai hau beraz, ikaskuntza horren bidea izan eta erabat aberasgarria eta erabilgarria izango zaigula uste dugu.
Asko daukagu ikasteko, asko deskubritzeko, kuxkuxeatzeko...
Motibazioaren beharra ere sentitzen dugu, beharbada galduta sentitzen garelako izan daiteke edota informazio larregi asimilatzen ari garelako hain denbora laburrean. Beraz, guztiaren laburpen-eskema argia egitea beharrezko deritzogu, zer ikasten ari garen, zer ikasi behar dugun eta batez ere, zertarako ikasten ari garen jakiteko.
Eta teorian ikasten ari garena nola eraman dezakegun praktikara ikustea.. Alegia, gero irakasleak garenean nola txertatu teknologia berriak haur hezkuntzan.



Informazioa bilatu eta osatu 
http://webpages.ull.es/users/manarea/biografia2.html
Manuel Area Moreira-ren biografia eta bere liburu batzuen pdf-ak daude web honetan.
http://es.scribd.com/doc/9778116/Entrevista-a-Manuel-Area-Moreira-Por-Gabriela-Spadoni
Manuel Area Moreira-ri egindako elkarrizketa interesgarria.

lunes, 13 de febrero de 2012

Bigarren eguna mundu berrian!




Gaur, aurreko eta gaurko saioan egindakoaz eta egitekoaz mintzatu dira gure ikaskide diren: Miren, Adriana eta Jasone.
Eta espontaneoki sortu den gai pisutsu bat mahai gainean azaldu zaigu goiz-goizetik, komunikazioa. Pisutsua diogu, gai hau benetan garrantzitsua delako gure egunerokotasunean. Baina, ez gara komunikazio soilaz ari, komunikazio onaz mintzatzen ari bait gara. Eta nola lortu dezakegu guk komunikazio ona? Gakoa, entzuten jakitea da, funtsezkoa. Izan ere, besteekin hartu emonak izateko eta gauzak elkartrukatzeko besteak beste, inprobisazioa, naturalitatea, espontaneitatea, jarrera egokia, errespetua etab. bezalako ezaugarriak beharrezkoak ditugun arren, are garrantzitsuagoa da, besteak entzuten jakitea eta baita gu geu entzuten jakitea ere. Besteen aurrean berbetan aritzeko, arnasa sakon hartzea eta pausak egitea ere presente izan behar ditugun ideiak direlarik.


Saioa aurrera joan ahala, teknologia berrien mundu berrian sakonki murgildu aurretik, denbora tarte bat hartu dugu apurka erlaxatu, arnasa hartu eta giro lasai bat sortzeko. Atmosfera ezin hobea eraiki dugu atzetik zetorren lanari gogoz ekiteko. Musika eta gu.

Eta lasaialdi horren ondoren, lanean hasi gara. Gaurko programari begiradatxo bat bota eta denbora trasteatzen eta blogaren erraiak aztertzen eman dugu. Egia esan, apurka-apurka aurrera goazela esan dezakegu, eta ez da gutxi. Beraz, gaurko saioarekin gustora agertu gara, nahiz eta egin beharreko lanak egiteko denbora ez izan, trasteatzen denborak ihes egin digulako (marikita geuk beharko dugu azkenean!), mundu berri honetan gure lekutxoa egiten ari gara pixkanaka.

Hitzak: elkartrukatu, komunikatu

lunes, 6 de febrero de 2012

Egunon!


Aurrera egin pixkanaka-pixkanaka, kuriositatea piztuz, eta deskonfiantza eta inpazientzia gaindituz.

Hasi baino lehen, egunon guztioi eta mil esker txoko honen parte izateagatik!

Ia denontzat berria den mundu batean murgildu gara gaur goizean goiz. Batzuk abenturan murgiltzeko irrikaz eta besteak ikaraz, baina dena dela guztiok gogotsu eta pozik aritu gara kuxkuxeatzen.

Honela ba, deskonfiantza eta inpazientzia bezalako erresistentziak gainditu eta pixkanaka agertzen zaizkigun erronkei aurre egiteko asmoz, guk, Lander, Izaskun eta Ainarak, txoko berezi honen aurkezpena egiten deutsuegu. Gu guztiontzako sortutako txokoa, denon gustu eta plazerrerako egina, alegia.
 Beraz, gustukua izatea espero dugu...

Beste barik, kendu ikarak, gainditu erresistentziak eta laga ditzagun lotsak!

Denontzako den txoko hau berezi egingo dugulako... ONGI ETORRI!

Eta lotsagaz lotuta hemen Kirmen Uribe ondarrutarraren poema bat.


Lagun bat

Bada gorroto dudan lagun bat.
Zuhaitzean gora egin nahi dudanean
 “ez, ez, ez, hobeto ez,” esaten dit,
 “laprast eroriko zara lurrera”.

Bada gorroto dudan lagun bat.
Futbolean jolastu nahi dudanean
 “ez, ez, ez, hobeto ez,” esaten dit,
 “ipurdi azpitik sartuko dizute gola”.

Bada gorroto dudan lagun bat.
Gustuko neskarengana hurreratzean
“ez, ez, ez, hobeto ez,” esaten dit,
 “ez du zurekin nahiko berak”.

Bada gorroto dudan lagun bat.
Anaia txikiari musu eman nahi badiot
“ez, ez, ez, hobeto ez” esaten dit
 “esnatu egingo duzu umea”.

Bada gorroto dudan lagun bat.
Lagun horren izena Lotsa da.
 “Ez, ez, ez, inola ez” esaten diot gauero!

Hitzak: erakargarria, lehen aldia